Ohiko galderak

Zer da jarduteko gaitasuna?

Jarduteko gaitasuna nire eskubideak erabiltzen eta nire obligazioak betetzen jakitea da.

Adibidez, nire dirua kudeatzea, etxebizitza bat erostea edo lan-eskaintza bat niretzako egokia ote den jakitea.

Pertsona batzuek erabakiak hartzeko sostengua behar izaten dugu.

Sostengu horri jarduteko gaitasuna aldatzea esaten zaio, eta epaileak erabakitzen du.

Pertsona guztiok dugu jarduteko gaitasuna, 18 urte betetzen dugunetik.

Ezgaitasun intelektuala duten pertsona batzuek ez dute sostengu horren premiarik izaten.

Zer da jarduteko gaitasunaren aldaketa?

Jarduteko gaitasunaren aldaketa  epaileak ezartzen duen sostengu bat da, eta bizimodurako garrantzitsu diren erabaki batzuk hartzeko babesa eta laguntza eskaintzen du.

Epaileak bizitzeko zer sostengu behar dituzun balioztatzen du, eta nork lagundu behar dizun erabakitzen du.

Laguntzen dizun pertsonari tutore esaten zaio.

Zer urrats eman behar dira jarduteko gaitasuna aldatzeko?

Jarduteko gaitasuna aldatzeko urratsak hauek dira:

1. Urratsa. Eskaera

Eskaera zuk zeuk, senideren batek edo beste edonork egin dezake.

Eskaera epaileari zuzendutako idatzi bat da, eta bertan azaltzen da zure eskubideak defendatu ahal izateko eta zure obligazioak betetzeko sostengua behar duzula.

Lagun zaitzakeen pertsonaren izena proposatzen da eskaera horretan.

2. Urratsa. Eskaerari erantzutea

Epaileak, idazkia aztertu, eta erabakitzen du jarduteko gaitasuna aldatzearekin aurrera egin edo ez.

Gutun bat bidaltzen dizu etxera, informazioa emateko.

Esaten dizunarekin bat ez bazatoz, esan diezaiokezu.

3. Urratsa. Epaiketa

Epaileak epaiketan ezagutuko zaitu, eta berak erabakiko du laguntzaren baten premia ote duzun.

Epaileak zutaz gehiago jakiteko, zuri, zure familiari eta beste pertsona batzuei galdegingo die.

Epaileak auzitegiko forentseari eska diezaioke zu ezagutzea, eta sostenguak behar dituzun ebalua dezala.

4. Urratsa. Epaia

Epaileak informazio guztia bilduko du, eta epaia emango.

Epaileak epaia emateak esan nahi du erabakia idatziz jarriko duela.

Epaileak erabaki dezake sostenguak behar dituzula, edo ez dituzula behar.

Laguntza jasotzeko premiarik ez duzula uste badu, prozesua une horretan bertan bukatuko da.

Laguntzak behar dituzula uste badu, zure bizimoduaren zein alderdietarako behar dituzun azaltzen du.

Epaileak erabakitzen du sostengu horiek nork eman behar dizkizun.

Zer egin dezaket nire jarduteko gaitasuna aldatzearekin ados ez banago?

Epaileak zure gaitasuna aldatu aurretik, gutun bat bidaliko dizu etxera gaiari buruz informatzen.

Gutun hori jasotzean, zure desadostasunak azal ditzakezu, eta horien zergatia eman dezakezu.

20 egun dituzu horri erantzuteko.

Epaileak izango du azkeneko erabakia.

Gutun horri erantzuteko abokatu baten laguntza behar duzu.

Abokatu horri ordaintzeko dirurik izan ezean, ofiziozko abokatu bat eska dezakezu.

Ofiziozko abokatuek dirurik ez duten pertsonekin lan egiten dute, eta behar duzunean laguntzen dizute.

Zer egiten du tutoreak?

Tutoreak lagundu behar dizu epaileak deliberatutako gaien inguruko erabakietan.

Tutoreak zure interesak babestu behar ditu, eta kontuan hartu zure nahiak eta premiak; eta autonomoa izaten lagundu behar dizu, eta ondo bizitzen.

Tutoreak ahalegindu behar du gero eta erabaki gehiago zure kabuz har ditzazun.

Tutoreak zurekin harreman ona izan behar du, lagundu ahal izateko.

Tutoreak ondo ezagutu behar zaitu, eta zer gustatzen zaizun jakin behar du.

Tutoreak ziurtatu beharko du jasotzen dituzun zerbitzuak behar dituzunak eta zure interesekoak izan daitezela.

Tutoreak edozein tratu txar edo abandonu jasaten baduzu, babestu egin behar zaitu.

Nor izango da nire ondasunen jabe?

Ondasunak zureak bakarrik izango dira, eta ez dira inoiz izango tutorearenak.

Tutoreak ondasunak egoki administratzen lagunduko dizu.

Nork kontrolatzen du nire tutorea?

Epaileak gainbegiratzen eta zaintzen du tutorea, hartzen dituen erabakiak zuretzat onak direla ziurtatzeko.

Tutoreak obligazio hauek ditu:

  • Urtean behin, epaileari zer laguntzak eman dizkizun eta zer egoeran zauden  jakinaraztea.
    Epaileak zure tutorearen erabakiak lagungarri gertatu direla egiaztatzen du.
  • Epaileari berri ematea, gairik garrantzitsuenen inguruan, adibidez, etxebizitza saldu nahi duzula.
Betiko al da nire tutore?

Tutoreak ez du zergatik betiko izan behar.

Tutorez aldatu al dezaket?

Tutorez aldatu nahi izanez gero, arrazoiak epaileari azaldu beharko dizkiozu.

Epaileak hartuko du zure tutorea aldatzearen inguruko erabakia.

Jarduteko gaitasuna aldatuta izanez gero, eman al dezaket botoa?

Bai, zure botoa eman dezakezu.

Epaileak erabakiko du botoa emateko zure eskubideaz.

Bozkatzeko eskubidea, ahal den nerrian, gorde egin behar da, ezgaitasun intelektual bat duten pertsonek bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea baitute.

Berreskura al dezaket boto-eskubidea, kendu egin badidate?

Epaileak epaian botoa ematerik ez duzula erabakiz gero, eta horrekin ados ez bazaude, zuk zeure kabuz egin dezakezu, edo zure senideren baten edo tutorearen laguntzaz, epaia berrikusteko eskakizuna.

Izango al dut nire dirua erabiltzerik?

Bai, baina batzuetan zure tutorearen laguntza beharko duzu zure dirua administratzeko.

Gainera, tutoreak zure dirua kudeatzen irakatsiko dizu, gero eta autonomia handiagoa izan dezazun.

Tutoreak hartuko al du nire dirua?

Ez. 

Dirua zurea da, eta zure bizi-proiekturako behar duzu.

Zu zenduz gero, dirua zure testamentuan jartzen duen pertsonari emango diote.

Nire tutorea Atzegi Babes Fundazioa izanez gero, harremana galdu egingo dut nire familiarekin?

Ez duzu harremanik galduko zure familiarekin.

Atzegi Babes Fundazioak zure familiarekin harremana izaten lagunduko dizu, betiere zuk hori nahi baduzu, eta zuretzako onuragarri bada.